Iturria: berria
«Topikoaz gaindi topo egin dute», Andoni Egaña bertsolariaren hitzetan, ustez eta itxuraz elkarrengandik oso apartekoak diruditen mundu bik: zientziak eta bertsolaritzak. Bertsolariak bertsoa egiten duen unean «informazioa gordetzeko eta berreskuratzeko duen berezko modua» neurozientzia kognitiboarentzat lagungarri izan daitekeela» iritzita, bertsolariak bertsoa egiten duen une horretan haren burmuinak zer jokabide duen ikertzen ari da Donostiako BCBL Basque Center on Cognition, Brain and Languagek (Kognizioaren, Garunaren eta Mintzairaren Euskal Ikerketa Zentroa), EHBE Euskal Herriko Bertsozale Elkartearekin lankidetzan.
Joan den urriaz geroztik, maila handiko 18 bertsolariri hainbat proba egiten ari zaizkie BCBLko ikerlariak, haien artean azken bi txapeldunak direla: Maialen Lujanbio eta Andoni Egaña. Parte hartu duten bertsolariek hiru proba egin dituzte. Lehen egunean, test psikoteknikoa egin zuten ordenagailu batean; bigarrengoan, erresonantzia magnetiko bat, hainbat proba egiten zituzten bitartean: esan ahalik eta segida azkarrenean m-z hasten diren hitzak, edo arra bukaera dutenak…; eta hirugarren egunean, erresonantzia magnetikoa, gaiak eman eta koplan edo zortziko txikian gai horiei erantzuten zieten bitartean.
Ondorioak, urtea amaitzerako
Bertsolarien ondoren, hainbat bertso eskolatako ikasleei egingo dizkiete probak BCBLn, eta ondoren bertsotan aritu gabeko euskaldunak pasatuko dira probalekuetatik, haien burmuinen funtzionamendua maila handiko bertsolarienekin alderatu ahal izateko. Urtea amaitzerako, lehen ondorioak aurkezteko moduan izatea espero dute, baina ondorioekin batera «galdera gehiago» ere izango direlakoan dago Miguel Arozena BCBLko gerentea.
Asier Altunaren Bertsolari filmaren grabazioan sortu zen bertsolarien eta zientzialarien arteko aurreneko kontaktua, iazko apirilean, filmaren pasarte batean Andoni Egaña BCBLn erresonantzia magnetiko bat egiten dioten bitartean bertsotan ageri baita, Altunak gidoia idaztean pentsaturik zuen bezala. Elkarraldi hartan Manuel Carreiras BCBLko zuzendaria harrituta gelditu zen Egañak azaldu ziolarik hitzak burmuinean margariten petaloen modura banatzen zituela hitzak multzotan. Bertsolariak beren burmuineko informazioa antolatzen adituak direla pentsarazi zion horrek. «Bertsolarien kolektibo honek dakarren gaitasun berezi hori kontuan hartuta, bagenekien hor zerbait zegoela», ekarri du gogora Arozenak. Horregatik, orain benetan gauzatzen ari da filmean irudietan itxuratu baino ez zen ikerketa zientifikoa.
Ikerketak material zientifiko interesgarria eman dezakeelakoan daude BCBLko neurozientzialariak, batez ere garunak hizkuntza ekoizpenarekin lotutako funtzio konplexuak burutzeko erabiltzen dituen mekanismoen ingurukoa. «Ahozko transmisioan adituak direnen hizkuntza ekoizpenaren eta prozesu kognitiboen ikerketak bide asko zabaldu ditzake hizkuntzaren neurozientzia kognitiboaren inguruko oinarrizko galderetan», Kepa Paz-Alonso BCBLko ikerlariaren ustez. «Bilakabide kognitibo eta hizkuntzazkoen korrelazioak ezagutzeak gaurko teoriei informazioa eskain diezaieke hizkuntzaren neurozientzia kognitiboaren esparruan».
Bertsolarien burmuinak ikergai izatea ez dela bertsolariak beste inor baino azkarragoak izatearen ondorio ohartarazi du Iñaki Murua EHBEko lehendakariak. «Nik garbi utzi nahi nuke ez garela ezer berezia», adierazi du. «Urte askotako entrenamendua eta horrek ematen duen gaitasuna daukagu, baina zuetako edozeinek ere entrenamendu hori egiten asmatuko balu, eta nahi izango balu, bertsotan egiteko aukera izango luke».











